XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Badakizu zeure Fûhrer horri nik zer esango niokeen?

Mihia ipurdi-zulotik sartzeko esango nioke!

Sotoan zeuden gainerantzekoak ere ados zeuden.

Bonba gure etxe gainera erori zenean, ez zen entzun ordu bete lehenago, alboko etxea erori zenean, entzun zen baino zarata, leherketa edo dardar gehiago.

Sotoa, berriz, hautsez bete eta hormetako karea eta ondoren adreiluak erortzen hasi ziren.

Benedikt jaunari buru gainera adreilu bat erori zitzaion.

Oso beldurtu zen.

Sototik irten nahi zuen.

Bere onetik aterata zegoen eta aurrean jartzen zitzaion edozeini ukabilkada eta bultzadak ematen zizkion.

Niri sabelean eman, eta min egin zidan!

Gure auzokoa oihukatzen ari zen:

- Ehortzirik gaude!

Bizirik ehortzita!

Hemendik ez dugu inoiz irtengo!

Baina ez zen egia.

Ez geunden ehortzita.

Sotoko atea errotik erauzi eta eskaileren aurka puskatuta geratu zen.

Ate gainean burdingalgazko galdara, esku eskailera, atezainaren txori kaiola (txoririk gabe), adreiluak eta hondarrak zeuden.

Baina guzti hura kentzea ez zen batere erraza.

Gure etxeak panpina etxe tristea zirudien.

Erdia erorita eta beste erdia zutik, bertan behera utzita eta oso bakarrik, gela erdiak airean zituela, zegoen.

Eskailera hutsartea ere desagertua zen.

Benedikt andereak, bere armairua bigarren solairuan eta gelaren horma arrosaren aurka sostengatuta zegoela, ezin zuen ulertu nola inork joan nahi ez zuen haren neguko berokiaren bila.

Ni hondar pilo guztien gainetik igo nintzen.

Debekatuta zegoen, hormak erortzear zeuden eta. Baina nitaz ez zen inor arduratzen.

Hondar artean ezagutzen nituen gauza ugari zegoen.

Benedikt jaunaren pendulu erlojua, sukaldeko gure gortina berdea, gure auzokoak gargarak egiteko erabiltzen zuen ur botila, Brenner anderearen tertziopelo gorrizko besaulki zatia.

Panpina kotxetxo baten gurpila aurkitu nuen (...)